ALBISTEAK


Eguberri hauetan, zure ahotsa oparia da

19 abendua 2023

Kanpaiak entzuten dira eta amets egitera gonbidatzen gaituzte; argiak piztu dira kalean eta bihotzetan... Eguberriak iritsi dira, gu guztiok ilusioz eta partekatzeko gogoz bete gaituzte. Eta liburu bat hasiko bagenu?

Beste urte batez, Eguberriak ate-joka ditugu. Familian egoteko, laguntasuna estimatzeko... eta amesteko parada ematen digun garaia da. Dena gerta daitekeen garaia denez, Ibaizabalek zenbait liburu eskaintzen dizkizu, hain zuzen ere, liburu bateko orrien artean dena gerta daitekeela frogatzeko. Eta gainera, istorioei zure ahotsa jartzen badiezu, kontakizunak opari berezi-berezia izango dira zure ingurukoentzat.

0-6 urte

Liburuekin izandako lehen kontaktuak pozez eta harriduraz betetako esperientziak dira, eta haur eta helduen artean lotura berezia sortzen laguntzen dute. Halaxe da Musu bat nahi duzu? liburuaren kasuan. Alexandra Garibal eta Claudia Bielinskyren album ilustratua da, benetako musuen katalogoa. Liburu honetako musu dibertigarriek (kilimak eragiten dituztenak, printzeek emandakoen modukoak...) txikienei lagunduko diete bizi dituzten emozioak identifikatzen, eta familiei, berriz, une dibertigarri eta gogoangarriak partekatzen.

Flavia Z. Dragoren Munstroekin jolasean  bilduma berriko Zenbatu! eta Kukuka! liburuek ere harridura handia eta barre algarak eragingo dituzte, azal hegal ugari-ugari baitituzte, eta haien atzealdean ezkutatuta munstroekin ezusteko handiak har daitezke. Liburu hauek irakurtzen dituzten bitartean, batetik hamarrera arteko zenbakiak eta gorputzeko zatiak ikasiko dituzte umeek.

Barre algarak eta irribarre asko daudenean, baliteke txikiei komunera joateko gogoa sartzea... Bai zaila dela eustea! Kakalarria! albumeko protagonista den Mark txikiarekin, txikiek umorez hartuko dute larrialdi hori. Helduek, gainera, haien tokian jarri ahal izango dute eta behar horrekin enpatizatu. Baina barre egiteari utzi gabe.

Sentimenduak ulertzea, enpatia eta balioak ulertzea funtsezko zutabea dira haurren hezieran. Jorge Llangilen Zero estu eta larri ipuinean, sentimendu unibertsalekin konexioa ezarriko dugu, eta ingurumena zaintzaren garrantziaz jabetuko gara, bizitzeko behar gisa, Zero foka txikiaren eskutik.

Bestalde, Kitty O’Meara eta Anna Pirolliren  Eder eta Gaueko Erraldoiak albumak abentura zoragarria bizitzera gonbidatzen zaituzte: erraldoiei laguntzea mundua konpontzen. Liburuak oso modu zainduan lantzen du eskolako jazarpenaren gaia, eta aldi berean, sormena pizten du eta haurrek beren buruaz duten balio izatearen zentzua indartzen du. Duen oparia orrialdeetatik harago doa.

Azkenik, lotan jarri aurretik une ahaztezinak partekatzeko beste proposamen bat da Lotarako ipuin laburretan laburrena albuma. 10 hitz besterik ez dituen ipuina! Sinestezina, ezta? Helduak ere gonbidatuta daude dibertitzera, noski!

6-8 urte

Adin tarte honetan, jakin-mina izan ohi da txikien bizitzako protagonista nagusia. Eta liburuak aukera bikaina dira jakin-min hori asetzeko eta esperientzia berriak ezagutarazteko. Hala, Yolanda Larreateguiren Sagu bat nire katiluan! liburuan, Malikek irakurlearekin partekatuko du bere urtebetetze egun harrigarria: eskatutako koloretako argidun patinetea jaso ordez gosaritako katiluan sagu bat topatuko baitu. Nor da sagu hori? Zer dabil bere etxean? Eta garrantzitsuagoa: zer nahi du saguak? Liburua irakurriz soilik jakingo duzu.

Bestalde, Nasha (Cécile Roumiguière eta Justine Braxena) albumarekin, irakurleek protagonistaren familiaren istorioa ezagutuko dute, eta amak irribarrea zergatik galdu duen. Bizi duten naturaren espoliazioarekin zerikusia ote du? Lortuko ote du Nasha txikiak amari poza itzultzea? Istorio honen ilustrazio liluragarriek ez dute irakurlea hotz utziko: ez ume, ez heldu.

Elurretako munstro madarikatua Sébastien Perez eta Benjamin Lacombek sortutako Xeherlock detektibearen abentura da. Ezin hobea da data hauetarako, eta oso egokia 6 eta 8 urte bitarteko irakurleen buru egonezinentzat. Elurretako munstro madarikatua benetakoa izango ote da edo istorioa girotuta dagoen Suitzako baso txikiko biztanleren baten asmakizuna izango da? Jakin-minez zaude, baietz?

Paisaia elurtuek, zalantzarik gabe, magia dute. Ozeanoa ere leku magikoa da, izaki fantastikoz betea, ia benetakoak ere ez diruditenak. Anne Jankeliowitch eta Annabelle Buxtonen Ozeanoa pop-up zoragarriarekin, irakurleak ozeanoko bizitzako hiru dimentsioko bost irudikapen harrigarritan murgildu ahal izango dira. Hondoratutako ontzi batera edo koralezko arrezifeetara arteko bidaia da, etxeko sofatik mugitu gabe.

Eta beste murgilaldi bat: natura inguruneko abenturak interesatzen zaizkien neska-mutilentzat, Bioletaren sekretutegia bildumako liburuak bikainak dira irudimena aske uzteko.

8-11 urte

Neska-mutilak hazi ahala, haien interesak ere ugaritu egiten dira eta mundu honetakoak ez diren istorioekiko ere erakarpena sentitzen hasten dira. Hori dela eta, Leo Bicanek idatzitako eta Pablo Brosetak ilustratutako Astrojokoak bildumako bosgarren abentura honek dibertsio une handiak eskainiko dizkie. Kaosaren zulo beltza da. Kromañoiak, dinosauroak, Erdi Aroko zaldunak, vikingoak eta abar nahasten ditu istorioak. Hori guztia, noski, bildumaren ezaugarri den galaxia arteko giroan.

Beste mundu batzuekiko interesarekin lotuta Herensugeak eta Munstroak album ilustratuek kondairazko izaki hauek ezagutzeko bidaia bat proposatzen dute. Entziklopedia moduko bildumak dira; izaki miragarri horietako ugariren deskribapenak, kondairak eta bitxikeriak biltzen dituzte, baina beti naturarekin lotuta.

Zoragarria da Gauerdiko Begiak bildumako istorioa ere. Daniel Hernández Chambersek sortu zuen pertsonaia eta Antonio Llorente ilustratzaileak irudikatu. Fantasiazko trilogia harrigarri honetan, Crey da protagonista. Umezurtz geratu ostean, Nalcar bailarako herriak sorginkeriarekin lotutako mehatxu izugarri batetik salbatzeko borroka bakartian nahastuta geratuko da mutikoa. Gerlariz, sorginkeriaz eta traizioz betetako munduan, garai nahasi horietan mutikoa bidegurutzean geratuko da eta Creyk bere patua erabaki beharko du: biktima edo heroia? Noraino iristeko prest egongo da?

12 urtetik gorakoentzat

Magia, fantasia, misterioa eta abentura lagun ditugu gaztaroan eta helduaroan ere, Anastasia Atutxaren eskutik, Sorginaren hil ala biziko sekretua  liburuan. Baserri batean bizi den Nagore Garmendia sorgin gaztearen bizitzak ustekabeko bira emango du senarra hil ondoren koinatua, anaiaren heriotzaren sekretua argitzeko prest dagoen azti boteretsua, etxean agertzen zaionean. Nor dago Nagoreren senarraren heriotzaren atzean? Zer sekretu du?

Irakurtzearen plazera ez da iraungitzen eta ez du adinik. Etxeko txikienentzat egokiak diren abenturarik samur eta xumeenetatik hasi eta geure burua gogorarazten diguten pertsonaia konplexuen nobeletaraino, herensugeak, sorginak eta izaki harrigarriak barne, liburuek geure burua hobeto ezagutzeko, gure barne-mundua handitzeko eta gure fantasiari bide emateko aukera ematen digute. Horregatik, liburuak dira, baita Eguberrietan ere, oparirik onena.

Aurkitu zure liburua.

Kategoriak : Literatura , Kategoria guztiak