ALBISTEAK


Grupo Edelvives bere hezkuntza plataforman ChatGPTa integratu duen lehen argitaletxea da

13 ekaina 2023

Teknologia hezkuntzaren parte da, eta Ibaizabal lanean ari da ikasleen ikaskuntzaren onerako aprobetxatzeko. Hori dela eta, 4IU abiarazi du, Edelvives Digital Plus eduki plataforman ChatGPT integratzen duen laguntzaile adimenduna.

Grupo Edelvivesen barruan dagoen Ibaizabal argitaletxea MIND ON app-aren bidez murgildu zen lehen aldiz Adimen Artifizialean, eta, orain, hezkuntza eremuan modu errealean aplikatzen duen lehena bilakatu da. Argitaletxeak jarraitzen du hezkuntza arloan bidea markatzen, eta ingurune seguruan eta modu adimendunean egiten du, ikasleekin, irakasleekin eta, azkenik, familiekin balioztatzen baitu.

4IU hurrengo 2023-2024 ikasturtean egongo da eskuragarri Ibaizabalen Edelvives Digital Plus plataforman, eta bi laguntzaile adimendun mota eskainiko ditu: bat, ikasleei etxean daudenean lan egiten laguntzeko; bestea, irakasleentzat.

Ikasleek laguntza eska dezakete une oro, ulertzen ez dituzten edukiak hobeto barneratzeko, laguntzaileak egiten dizkien galderen bidez haien ezagutza probatzeko edo informazioa areagotzeko galderak egiteko.

Gainera, beti lan egingo dute ingurune seguruan, Edelvives Digital Plus hezkuntza plataformaren barruan, eta, hala, ez da informaziorik faltako eta ez da seguruak ez diren orrialdeetatik nabigatzeak ekar dezakeen arriskurik egongo. Era berean, jasoko dituzten erantzunak egiaztatuta daude; izan ere, liburuari buruzko edukiez baino ezingo dute galdetu.

Ezarpen berri horrek, era berean, abantaila asko ekarriko ditu irakasleen lanerako, segimendu pertsonalizatua egin eta ikasle bakoitzak dituen zailtasunak antzeman ahalko baitituzte. Gainera, laguntzaile adimendunak bide emango du edukiak ebaluatzeko eta emateko, eta ideiak eta iradokizunak emango ditu ikasgelan praktikan jartzeko.

Bestalde, tresnak informazioa emango dio Grupo Edelvivesi, eta horrek eragin positiboa izango du ikasle eta irakasleengan. Grupo Edelvivesek kontsulta gehien duten edukiak edo ikasleek ulertzeko zailtasun handienak eragiten dituztenak hobetu ahalko ditu.

Ezkerretik eskuinera: Alejandro Cebrián, Grupo Edelvives Españako zuzendari nagusia; Teresa Rodríguez de las Heras, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Merkataritza Zuzenbideko irakasle titularra eta Erantzukizunari eta Teknologia Berriei buruzko Europako Batzordeko lantaldeko kidea; Lidia Pitzalis, Edelviveseko Eraldaketa digitaleko erakunde arduraduna; Marilín Gonzalo, Newtral-eko kazetaria eta mahaiko moderatzailea; Rosa Luengo, Edelviveseko Argitalpenen sorkuntzaren zuzendaria; Sergio Berodia, Malvar ikastetxeko ikasketaburua (Arganda del Rey, Madril); Juan Antonio Perteguer, Edith Stein ikastetxeko zuzendaria (Madril), eta Agustín Trapero Hidalgo, Juan de Ocaña HLHIko zuzendaria (Móstoles, Madril).

Nobedade horiek guztiak Grupo Edelvivesek hezkuntzan adimen artifizialaren etorkizuna aztertzeko antolatu duen mahai inguruan aztertu ziren. Eta errealitate hori maiatzean hasi ziren abian jartzen. Maiatzetik aurrera, gidaritza lana egingo da, proposamena egiaztatzeko, aurrera egiteko eta hobetzeko. Tresna irakasleek eta ikasleek probatuko dute ikasgelan. Eta, era berean, familiek ere baloratuko dituzte seme-alaben ikaskuntzan dakartzaten bilakaerak.

4IU-ren ezarpenaren bidez, Ibaizabalek eskola elkartearen esku jartzen du Adimen Unibertsala, zeinak adimen artifizialaren onurak aprobetxatzen baititu giza adimenaren (pentsamendu kritikoa, sormena eta sen ona dakartza) baldintzapean.

Hezkuntzaren etorkizunak aurrera darrai, eta Ibaizabalen proposamenak eskutik izango ditu!