ALBISTEAK


Ibaizabal euskararen loraldi berria bultzatzen ari da

15 maiatza 2023

Ibaizabalek irakaskuntzaren eta literaturaren munduko ordezkari garrantzitsuak bildu zituen Euskalduna Jauregian mahai baten inguruan, "Hezkuntzan Euskara loratzen” izenburupean

Euskarazko argitalpenen sorkuntzan, edizioan eta merkaturatzean ari den Ibaizabal Argitaletxea, irakaskuntzaren eta literaturaren munduko ordezkari garrantzitsuak elkartu zituen joan den maiatzaren hiruan Euskalduna Jauregian. “Hezkuntzan Euskara loratzen”  izenburupean, hezkuntzari, euskararen irakaskuntzan literaturak duen lekuari, teknologia berriei eta egungo teknologiei buruz eztabaidatu zen. 

Hitzorduan izan ziren Patxi Zubizarreta umeentzako eta gazteentzako literatura idazle eta itzultzaile ezaguna; Iratxe Retolaza Udako Euskal Unibertsitateko Goi Institutuko irakaslea eta Euskaltzain urgazlea; Andrea Antúnez irakasle eta sare sozialetako hedatzailea; Mila Zubero Euskara eta Literatura irakaslea Jado ikastetxean eta Itziar Osa Ibaizabal argitaletxeko edizio arduraduna.  

Ane Araluzea kazetariak moderatutako mahai-inguruko partaideak digitalizazioari, komunikazio modu berriei eta euskarak aisialdian izan behar duen lekuari buruz hitz eginez hasi ziren solasaldiarekin. Retolazak irakasleen prestakuntzaren beharra azpimarratu zuen, eta irakasleak kulturaren sustatzaile bihurtu behar direla eta prestakuntza-sare iraunkorragoa sortzea komeni dela defendatu zuen. Antunezek argi utzi zuen ezinbestekoa zela euskara aisialdiarekin lotzea, ikuspegi akademikora mugatu beharrean. Azkenik, Osak hezkuntza arloko eragileen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren gakoak azaldu zituen. 

Eztabaidak sare sozialen gaiarekin eta gaur egun gazteek komunikatzeko duten moduarekin jarraitu zuen. Horri buruz, Zubizarretak azpimarratu zuen garrantzitsua dela oinarri ona izatea, irakurketa sustatzea eta testu bat behar bezala idazteko gai izan daitezela lortzea. Sortzeko ekintzara itzultzea. Retolazak azpimarratu zuen ez dela asmatu nerabeei irakurtzen irakasteko moduetan, eta “irakurketa nork bere burua ezagutzeko modu bat izatea lortu behar dugula” esan zuen. 

Zuberok, ikuspegi pragmatikoagotik, gogorarazi zuen irakasleek curriculum bat jarraitu behar dutela eta oso zaila dela hori irakurketaren plazer soilarekin uztartzea. Antúnezek eta Osak argi utzi zuten pentsamendu kritikoa eta sormena garatzea funtsezkoa dela eta familiak zeregin garrantzitsua duela horretan. Moderatzaileak norabidea pixka bat desbideratu zuen, parte-hartzaileek material didaktikoaz hitz egin zezaten, hezkuntza hobea lortzeko bide gisa. Guztiak bat etorri ziren esatean materialak malgua izan behar duela hezkuntza-mapa baten barruan. Paperaren eta digitalaren artean konbinatutako materiala, “oreka bat ezartzea falta den arren, gehienetan ikasleen arreta osoa material digitalak bereganatzen baitu”, azpimarratu zuen Zuberok.

Eztabaidak, ikasleek euskarazko literatura idatziari buruz duten jarrera azalduz jarraitu zuen. Zubizarretak aipatu zuenez, Lehen Hezkuntzan euskarazko literaturarekiko interesa gaztelaniazkoaren maila berean dago, baina institutuko ikasleen artean agian arraroagoa dela euskarazkoa aukeratzea. Gainera, azpimarratu nahi izan zuen irakasleek eurek jada ez dietela arreta bera ematen literaturari eta idazketari. Retolazak adierazi zuenez, euskal kulturan betidanik izan diren transmisio-etenaldiek zaildu egin dute euskal kulturak ondorengo belaunaldietan izan duen eragina. 

Araluzeak, ondoren, Ibaizabal argitaletxean bertan jarri zuen mahai inguruaren fokua, baita onartu berri den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-lege berriaren aurreproiektuan ere. Argitaletxearen edizio arduradunak azaldu zuenez, Ibaizabalentzat euskara, hezkuntza eta euskal kultura izan dira beti sorkuntzaren muina, “lau pertsona hasi ginen eta gaur egun 25 kide gara, kolaboratzaile talde zabalaz gain. Ilusio handiarekin hasi ginen, eta gure proiektuan sinesten jarraitzen dugu, hezkuntza-komunitateari laguntzeko lanean”. Lege berriari dagokionez, Osak adierazi zuen Ibaizabalen jarduna ikasleengana, irakasleengana eta ikastetxeetara bideratuta egon dela, eta indarrean sartuko den legearekin edo beste batekin ildo beretik jarraituko dutela lanean, “ez da gure lana horiek epaitzea”. 

Amaitzeko, moderatzaileak hezkuntzan euskara loratzeko hartu behar diren erronkei buruz iritzia emateko eskatu zien parte-hartzaileei. Esku-hartzeetan, euskal kulturaren iruditeria zaharkitua birplanteatu beharra eta ikasleen eta irakasleen artean hizkuntzaren kontzientzia garatu beharra azpimarratu ziren. Gainera, euskara naturaltasun osoz erabiltzeko eta balioesteko beharra azpimarratu zen.