ALBISTEAK


Ibaizabalek Microsoften irakurgailu murgiltzailea txertatu du haren plataforma digitaletan

12 ekaina 2023

Testuen ulermena erraztuko duen eta ikasleen irakurmena hobetuko duen irakurgailu murgiltzaile bat izango dute Ibaizabalen hezkuntza plataformek, hau da, Edelvives Digital Plusek eta Ta-tumek.

Ibaizabalek eta Grupo Edelvivesek Microsoften irakurgailu murgiltzailea txertatu dute Edelvives Digital Plus eta Ta-tum plataformetan. Testuen ulermena hobetzeko eta ikasleen ikaskuntzari laguntzeko funtzio ugari eskaintzen dituen irtenbide osoa da. Haien irakurketa eta ulermen prozesuan laguntza gehigarria eskaintzen die tresna honek ikasleei, haien hezkuntza maila edozein izanik ere. Beste funtzio batzuen artean, testuak ozenki irakurtzen ditu, testuak itzultzen ditu eta elementu gramatikalak nabarmentzen ditu. Gainera, mesede egiten dio kontzentrazioari eta murriztu egiten du begietako nekea.

Ikasleen eta irakasleen denbora optimizatzen du hezkuntza inklusiborako tresna honek, eta ikasketaren emaitzak hobetzen ditu. Abiapuntua edozein izanik ere, ikasleen irakurtzeko erraztasuna eta irakurketa independentea areagotzen ditu; irakasleek, berriz, ikasketa prozesuan independentzia handiagoa duten ikasleekin izan dezakete hartu emana.

Irakurgailu murgiltzailearen zeregina funtsezkoa da testuen ulermenean, bereziki, haurrak irakurtzen eta idazten ikasteko lehenengo urratsak ematen ari direnean. Irakurle berriei ulermena indartzen laguntzen die tresna honek, eta irakurketa maila altuagoetara aurrera egiteko konfiantza ematen die. Gainera, oso lagungarria da ingelesa edo beste hizkuntza batzuk ikasten ari direnentzat. Izan ere, ehun hizkuntza baino gehiagotara itzuli dezake testua, eta gai da horietako berrogei hizkuntzatan ozenki irakurtzeko.

Gainera, nabarmendu beharrekoa da testua irakurtzeko eta deskodifikatzeko irtenbideak ere eskaintzen dituela irakurgailu murgiltzaileak, dislexia eta beste ikaskuntza behar batzuk dituzten ikasleentzat. Funtzio horrek balio handia du haien beharretara egokitutako tresnak eskaintzeko orduan. Izan ere, haien ikaskuntza prozesua eta testuen ulermena errazten dira. Irakurketa guztiontzako errazagoa eta eskuragarriagoa izateko helburuz diseinatuta dago irakurgailu murgiltzailea. Askotariko funtzioak eskaintzen ditu:

  • Edukia isolatzen du, irakurgarritasuna hobetzeko.

  • Maiz erabiltzen diren terminoen piktogramak erakusten ditu.

  • Esaldiko eta gramatikako elementuak ulertzen laguntzen die irakurleei, aditzak, izenak, izenordainak eta abar nabarmenduta.

  • Testuari ahotsa jartzen dio; hala, irakurleek zati bat hauta dezakete tresnak ozenki irakur dezan.

  • Hizkuntza askotara itzultzen du testua, denbora errealean. Hori erabilgarria da hizkuntza berri bat ikasteko orduan irakurleen ulermena hobetzeko.

  • Hitzak silabatan banatzen ditu, irakurgarritasuna hobetzeko edo hitz berriak silabaz silaba ahoskatzeko.

  • Testuaren lerroartea, letra tipoa, neurria eta atzealdeko kolorea hautatzeko aukera ematen du, kontraste hobea lortzeko.

Testuen ezkerreko aldean kokatutako ikono baten bidez identifikatu ahal izango da Edelvives Digital Plus eta Ta-tum plataformetan txertatutako tresna hau.

Haren abantaila guztiak ezagutzeko, demo bat eskuragarri dago Edelvives Digital Plus plataforman, Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoan, hizkuntza bakoitzari dagozkion funtzioekin.

Irakurgailu murgiltzailea, berrikuntza eraginkorra. Ibaizabal, irakasleen zerbitzura.